lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

ARRATE EGAŅA IDAZLEAK DINAMIZATUKO DU IRAKURLEEN TXOKOA URRIAREN 18TIK AURRERA

2018-09-27

Bermeoko Udal Liburutegiak eta Euskera Sailak  antolatzen duten irakurleen txokoa urriaren 18an hasiko da berriro, eta Arrate Egaña idazlea izango da aurten ere irakurle txokoaren dinamizatzailea. Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak; Maite Alvarezek, Bermeoko Udaleko Euskara teknikariak; eta Arrate Egañak berak, aurkeztu dute gaur irakurle txokoaren ikasturte berria Bermeoko udal liburutegian egindako prentsaurrekoan.

 

Agirrek gogoratu duenez, irakurleen txokoaren bitartez, hilean behin, interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskaraz idatzitako liburu bati buruz hitz egiten dute. Horretarako, dinamizatzaile baten laguntza izaten du taldeak eta partaide bakoitzak liburu horri buruzko iritzia azaltzen du. ‘Irakurleen txokoa’ taldea hilero hileko hirugarren eguenean batuko da 18:30etik 20:00etara; horrela, urriaren 18an, eguenean, hasiko da.

Irakurleen txokoaren ibilbidea 2011n hasi zela gogoratu du Euskara teknikariak eta ikasturteka batu izan dela. “Egonkortasuna lortu duen ekimena dela esan dezakegu; izan ere, urtero 15-20 pertsonako taldea osatzen dugu eta ikasturte bakoitzean zortzi liburu irakurri eta horiei buruz berba egin dugu”, aipatu du.

“Irakurle txokoan parte hartu gura duenak, Liburutegira hurreratzea dauka, bertan izena eman eta hurrengo hilerako liburua hartu, hori baino besterik ez, parte hartzea librea eta doakoa delako”, azaldu du.

Ildo horretan, irakurlearen txokoaren ibilbidean 60 liburu inguru irakurri eta aztertu dituztela gaineratu du. “Liburu ugari izan dira, bai kopuru aldetik, bai genero aldetik eta baita egileen eta sorkuntzaren aldetik ere, batzuk jatorriz euskaraz sortuak direlako eta beste batzuk, itzulpenak. Beraz, euskal literatura gehiago ezagutzeaz gain, literatura unibertsala ezagutzeko aukera izan dute, herrialde ugaritako autoreak ekarri baitituzte irakurleengana”, nabarmendu du. Alvarezek azpimarratu duenez, taldea zabalik dago jende berria hartzeko; hortaz, interesa duten herritarrak ‘Irakurle txokoan’ parte hartzera animatu ditu.

Hileroko dinamikaz gain, idazleekin topaketak eta solasaldiak egiten dituztela gogoratu du Alvarezek, “idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen baitute eta oso interesgarriak izaten dira”.

Solasaldi horietan euskal literaturan gaurkotasun handiko idazleak parte hartu dute eta azkena, joan den maiatzean Kattalin Miner idazlearekin egindakoa izan dela gogoratu du. “Topaketa oso aberasgarria izan zen bai irakurle zein idazlearentzat, bazkal ostean Talan solasaldi luzea egin zen, irakurleen txokoko kideek Minerreri bere liburu eta lanari buruzko galderak egin zizkioten eta solasaldi benetan interesgarria izan zen”, gaineratu du.

Helburuak

Maite Alvarezek azaldu duenez, irakurle txokoaren helburuak izango dira “literaturaren irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea”.

Bere aldetik, Arrate Egañak irakurle txokoaren ikasturte berri honi hasiera emateko “ilusioz eta gogoz” dagoela azpimarratu du; izan ere, iazko esperientzia “guztiz positiboa” izan zen, taldean “giro ezin hobea izan genuen eta kideen parte-hartzea azpimarratzekoa izan zen”.

Ildo horretan, iazko irakurleen txokoko kideek adierazi dutenez, taldean “giro ona eta iritzi trukaketa interesgarria” nagusitu da eta Arrate Egañaren lan ona balioan jarri dute; izan ere, euren esanetan, “saioak oso ondo prestatzen ditu, liburuaren iritzi orokorraz gain, atalka komentatzen dira, esaldi esanguratsuetan erreparatzen da eta partekatzen ditu eta idatziz ematen ditu erreferentziak”.

Horrela, Egañak adierazi duenez,  “urriaren 18an, eguenean, irakurle txokoari jarraipena emango diogu”. “Lehenengo saio horretan Iñaki Irasizabalen ‘Odolaren deia’ liburuari buruzko hausnarketa egingo dugu”, jakinarazi du. Aurten, irakurleen iradokizunak kontuan hartuta, idazlearen zein liburuaren informazioa lehenago helaraziko zaie, posta elektronikoz zein whatsaapp bidez, adierazi du Egañak.

“Gogotsu eta ilusioz beteta hasten dut ‘Irakurle txokoaren’ ikasturte berria, eta espero dut parte hartzaile guztiok literaturarekin euskaraz gozatzea”, azpimarratu du. 

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube