lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

BERMEOKO GAZTE-KOADRILAK BERDINTASUNARI BURUZ BERBETAN ARITU DIRA, BIZENTAREN LUMAK JOLASAREN BIDEZ

2017-07-04

Bermeoko 20 gazte emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz berbetan aritu ziren atzo arratsaldean Talan. Bizentaren lumak solas-jolasa erabili zuten gazteek genero-berdintasunaren inguruko gogoeta egiteko.

Bermeoko Udalak antolatu zuen ekimena Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean. Jolasaren bidez, Talara hurreratu ziren 3 koadrilek hainbat istorio ezagutu zituzten. Esate baterako, Anerrena: « 4 urte ditut. Andoainen bizi naiz eta 2 arreba nagusi ditut. Gaur eskolara joateko arreba baten tutu-gona ederra jantzi dut, koloretako legginsekin batera, gelako Ianire eta Leirek bezalaxe. Amak oso polita nagoela esan dit; arrebek, berriz, barre egin didate ; baina eguneroko kontua da eurek niri barre egitea. Eskolara hurbiltzen joan naizen heinean, txikitzen joan naiz eta besteen barreak eta isekak entzunda. Ez nuen entzuten amak esaten zidana, besteen barreak besterik ez. 2 hilabete geroago, inauterietako eskola-festan, neskek mutil-mozorroa jantzi dute, eta mutilak neska jantzita ibili dira. Mutil guztiek jantzi dute gona.”

Horrelako hamaika istorio irakurri eta aztertu ondoren, koadrila bakoitzak ezagututako egoera horiei aurre egiteko talde-konpromisoak hartu zituen. Lehenengo taldearen parte-hartzaile gehienak mutilak izanik, hurrengo herriko jaietan gona jantziko dutela adierazi zuten; zergatia azalduz, horrelako egoerak normalizatze aldera.

Bigarren taldeak bere eta besteen jarrera matxistak salatzeko konpromisoa adierazi zuen, “errespetua, entzute aktiboa eta enpatia sustatuz”. Horrela, jarrera horien aurrean eskua hartu eta jarrera hori duten pertsonei pentsaraztea egingo dietela adierazi zuten. “Belaunaldi berriak kontzientziatuko ditugu munduko pertsona guztien berdintasuna bermatzeko”, gaineratu dute.

 

Hirugarren taldeak sare sozialak kontrol-tresna moduan erabiltzeak indarkeria mota berriak sortu dituela gogoratu dute. Horregatik, sare sozialen erabilera egokia (menpekotasunik sortzen ez duena) egiten saiatuko direla adierazi dute.  Bestalde, maitasun erromantikotik at, harreman osasuntsu eta askeak ahalbidetzeko,  genero-aurreiritziak gainditzen saiatuko direla azpimarratu dute.

Bermeoko Udalak adierazi duenez, eguraldia lagun, gustura aritu ziren gazteak lagunekin jolasten eta ekimena oso ondo baloratu zuten. Bizentaren lumak  gazteek berdintasunari buruz hitz egin eta gogoeta egiteko karta jolasa da.

Gazteak emakume eta gizonen desberdintasun-egoeraz jabetu, eta errealitate hori aldatzeko tresna da Bizentaren lumak, eta gazteen artean emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko jarrerak indartzea du helburu. http://bizentarenlumak.elhuyar.eus/

 

 

 

Material osagarria

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

Zuretzat

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube