lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkariko 110 harpidetza egin ditu leku publikoetan banatzeko

2017-05-25

Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzarekin, aurten ere, hitzarmena sinatu du euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko. Hitzarmen horren bidez, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako 110 harpidetza egitea adostu du Udalak, Bermeoko leku publikoetan banatzeko. Aurten, berrikuntza moduan, hitzarmen horri esker, EuskoTrenen Hitza eskuratzeko aukera izango dute herritarrek.

Horren berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan Juan Karlos Agirrek, Euskara Saileko zinegotziak, Maite Alvarezek, Euskara teknikariak, Larraitz Ibaibarriagak, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako zuzendariak, eta Ama Lur Bedialaunetak, Hitzako kudeatzaileak. 

Agirrek hitzarmen horren garrantzia azpimarratu du, eta helburuak honako hauek direla azpimarratu du: “euskararen alde egitea, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta irakurzaletasuna zabaltzea bermeotarren artean”. “Hori lortzeko Hitzak herritarrei hurbileko informazioa euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen die, eta, horregatik, harpidetzak egitea garrantzitsua dela uste dugu”, gaineratu du.

Alvarezek adierazi duenez,  harpidetzak udal eraikinetan banatuko dira: Liburutegian, Kultura eta Gizarte etxean, Berhaz-en, Gizarte Ongizateko Udal Patronatuaren egoitzan, Zaharren egoitzan eta Musika eskolan. Horrez gain, itxaron gelak dituzten hainbat tokitan banatuko dira (fisioterapeutak, ile-apaindegiak, bidaia agentziak, hortz klinikak…). “Izan ere, herritarrek toki horietan irakurtzeko ohitura izaten dute, eta euskarazko hurbileko informazioa irakurtzeko aukera ematea oso positiboa dela uste dugu aipatutako helburuak lortzeko”, nabarmendu du.

Ildo berean, Euskara teknikariak adierazi duenez, “herritarrek asko erabiltzen dituzten beste erakunde batzuetako zerbitzuetara ere zabaltzen ditugu harpidetzak, eta aurten ere, anbulatorioko erabiltzaileen esku jarriko dira hainbat ale, Osakidetzako Bermeoko anbulatorioan Hitza egotea, guretzat ezinbestekoa delako osasun etxera doazen herritarrek tokiko euskarazko albisteak euskaraz irakurtzeko aukera izatea”.

Horrez gain, Agirrek azaldu duenez, hitzarmenaren bidez, “aurten berrikuntza bat eskainiko dugu eta EuskoTreneko geltokian ere erabiltzaileek Hitza eskuratzeko aukera izango dute”. 

Agirrek eta Alvarezek azaldu dutenez, azken hiru urteetan, Bermeoko Udalaren eta Hitzaren hitzarmenaren bidez Hitza izan zuten 21 leku publiko “Hitzaren garrantziaz jabetu dira eta harpidedun ordaintzaile bihurtu dira”. “Oso positiboa da establezimendu bakoitza harpidedun ordaintzaile bihurtzea”, gaineratu dute.

Azkenez, Euskara zinegotziak adierazi duenez, mota honetako ekimenak beharrezkoak dira euskararen normalizazioaren lanean jarraitzeko.

 

Material osagarria

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube