lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Bermeon Euskaraldia antolatzeko parte hartze prozesua izango da eguaztenean, urtarrilaren 24an

2018-01-22

Euskal Herri osoan abiatuko den Euskaraldia Bermeon ere martxan jarri da. Kike Amonarrizen hitzaldiaren ostean, hurrengo hitzorduak urtarrilaren 24an eta otsailaren 7an izango dira eta horietan Euskaraldia Bermeon antolatzeko parte hartze prozesua abiaraziko da. Hitzordua 19:00etan izango da, Bermeoko Kultur etxeko Gaztelekuan.  

Euskaraz jakin arren, gaztelaniaz egiteko joera duten pertsonak aktibatu eta hizkuntza-ohitura aldatzeko saiakera pertsonala eta kolektiboa da Euskaraldia. Herritarrek eta erakundeek batera landuko dute eta, eguneroko bizitzan, inertziak aldatzea bilatzen da.

“Tokian tokiko euskaltzaleen sareak aktibatzea eta indartzea bilatzen du Euskaraldiak”, gogoratu du Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak.

Euskaraldiak honako helburu zehatzak ditu: hizkuntza ohituretan eragin eta gaztelaniaren aldeko inertziari aurre egitea, erakundeak, eragileak eta interesa duten norbanakoak elkarlanean aritzea, euskaldunek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea, entitateek euskaraz aritzeko neurriak har ditzaten sustatzea eta 11 egunetan hiztunen artean sortutako dinamikak ekimenaren ostean mantentzea. Horretarako, talde motor bat sortuko da eta lantalde horrek urte osoan lan egingo du.

“Bermeo euskaraz bizi eta arnasa hartzen duen herria izaten jarraitzeko, bihotzetik ahora ekarri gura dugu euskara, ahoak bizi-bizi jarri eta belarriak prest erantzuteko”, nabarmendu du Agirrek.

Helburu hori lortzeko, hain zuzen ere, urtarrilaren 24an eta otsailaren 7an (eguaztenak) saio bi antolatu dira. Horietan interesa duten pertsona guztiek parte har dezakete eta horretarako Euskera Sailean (euskera@bermeo.eus edo 94 617 9122)  izena ematea eskertzen da.

“Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu saio hauetara; Bermeo euskalduna izaten jarraitzeko guztion inplikazioa beharrezkoa delako”, nabarmendu du.

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube