Testu osoan

Hirigunea

Alde Zaharra

Portua, Lamera eta Gaztelu

Morondo

Artalde

Dolareaga eta Esparru

Adoberia eta Ondarre

Portale

Almikabidea eta Erregiņazubi

Erribera

Zarragoiti

Kurtzio eta Santa Mariņa

Txibitxiaga

Tala

Sanjuanbidea

Ibarreta eta San Martin

Bilbobidea

Dibio

Aranondo

Artikabidea

Portuburu

Zehaztu gabeak

Arane

Agirre

San Migel

San Andres

Almika

Artika

Demiku

Arranotegi

Maņu

San Pelaio Gibelortzagakoa

Kostaldea

Izaro

Gainak

Sare hidrografikoa

Bakio aldea

auzoka / Hirigunea / Portua, Lamera eta Gaztelu / Portua  

Portua

 

Bermeo inguruan, kostaldeak, moilak eraiki baino lehen ere, nabigaziorako babesgune egokiak eskaintzen zituen. Euskal Herrian, Getariarekin batera, erreka baten barrena izan gabe, haizebeko itsasertz bakarrenetarikoa da Bermeokoa, inolako moilarik gabe ere portu legez erabil zitekeena [444].

Bermeoko portuaz dagoen lehen berria XI. mendekoa da. 1082an, Donemiliagako monasterioari eginiko Muxikako San Vicente Ugartekoaren dohaintzan portu legez azaltzen da Bermeo:

«(...) illa ecclesia San Micaelis arcangeli in portu de Vermelio, in ora maris, cum suos morturos ad illa pertinente» [445]

Hurrengo aipamena izateko XIII. mendera arte jo behar da. 1269an, Bermeoko portuan zeuden bost etxola handik kendu eta hiribilduaren eremuan jartzeko agindu zuen Lope Diaz Harokoak [446].

1353an, San Pedro Kofradiako arauek agertzen dutenez, bi portu zituen ordurako Bermeok: Portunagusia eta Portutxikia (Portuzarra). Horiez gain arauek Portuondokoa ere aipatzen dute. Baina, benetako portua, antza, Portutxikia zen, Gaztelu eta Santa Klarako atxeta (Frantzunatxeta) bitartekoa; hantxe babesten ziren ontziak eta hantxe antolatzen ziren hauen irteerak [447]. Bestea, Portunagusia edo Artza izenekoa (Gaztelu, Errenteriaportale, Sanmigelportale, Artikerrekaren ahoa, Matxikorta eta Errosapeko puntuak inguratzen dutena), ontzi handien ainguralekua izango zen [448].

Zalantzarik gabe, Artikerreka eta Ametzaga erreken ahoa, hau da, Erribera izeneko parajea eta bere inguruak, itsasgintzarekin lotuta zeuden XIX. mendera arte behintzat. Bertan, ontziolak, arrain fabrikak eta txalupen gordelekuak izango ziren. 1357ko San Frantzisko komentuaren fundazio agirian, itsasontziak eraikitzeko lekuaren aipamena egiten da:

«(...) é mandamos facer el dicho Monesterio de la dha orden de faires menores de Sant Francisco en la dha ntra. villa de Bermeo, en vn logar que llaman erreten que es entre la puerta de la dha villa que dicen la puerta de los ferreros por do salen al arrabal do se labran las nabes (...)» [449]

Dirudienez, XV. mendearen amaieran hasi ziren Bermeoko moileen eraikuntzarako prestaketak. 1496an  eta 1500ean onartu ziren lanak ordaintzeko erak eta 1503rako eraikita omen zegoen, kargaleku legez erabiltzeko, Artzako moila [450].

Portutxikiari dagokionez, moilaren konponketa bat aipatzen da 1523ko agiri batean [451] eta 1560an, Juan Beltsua Ugartekoak, itsasoaren erasoetatik Portuzarra babesteko dikea eraiki zuen, Santa Klara aldetik [452]. Baina 1587rako, nahiko kaltetuta zegoen dikea, bere konponketa eskatu baitzitzaion Jaurerriari [453].

1702an, Portutxikiko dikearen konponketa beharra ikusi zen, aurrerantzean, behin eta berriro errepikatuko zena:

«(...) las inclemencias y contratiempos de soberbias mares havian arruinado este presente año los muros y murallas del cerco del Puerto Menor desta dha villa así a la parte de la mar y que havian quedado tan aruñados y caidos a plomo que baten las agoas y olas el surxidero de dho puerto y su entrada a la parte del bocal (...)» [454]

«Propusso dho sr. sindico (...) se reparasen y se pusiesen en perfezion y que por quanto para su reparo no se allava al presente esta dha vª con los medios nezesarios se buscasse a zensso vadaño la cantidad nezesaria» [455]

1723an, berriro Portutxikiko moilak konpondu beharrean aurkitu ziren:

«Lo 4º propuso el señor sindico hallarse los molles del puerto chico (...) con necesidad de reparo (...) como tambien el Yncendio que padeció esta villa el dia 24 de marzo de 1722: havía quedado esta villa sin casa de Ayuntamiento, carzel y archivo» [456]

1724an, moiletako zati batzuk berreraiki ziren, baina Santa Klara aldeko dikea konpondu gabe geratu zen, lanek dirutza handia eskatzen baitzuten. Eta 1726an, berriro, itsasoaren erasoek Portutxikiko moila hondatu zuten Santa Klara aldean. Herri basoak saldu beharrean aurkitu zen udala bere konponketak ordaintzeko [457].

1733an eta 1735ean berriro berreraiki ziren Portutxikiko moilak [458].

1734an, Bokaleko eskailera eta Santa Klara ermita konpontzeko agindua eman zen:

«Decreto para que se repare la escala del vocal y la pared de la ermita de Santa Clara del Puerto Menor. Se da licencia para 30 pies de robles en el termino y monte de Galdiz» [459]

1764an, Portunagusian izan ziren konponketak [460]. Eta 1765ean, Portunagusiko sarrerako mingaia edo dikea berreraiki zen [461].

1770ean, berriro, Portutxikiko moiletan konponketa lanak egin ziren [462].

Moilak behin eta berriro hondatzen ziren eta udalak galera handiak izaten zituen konponketak ordaintzean; Jaurerriak ez zuen gehiegi laguntzen eta zenbaitetan Kofradiak ere kargu hartu behar izan zuen lan horietan [463]. XVIII. mendera arte eginiko lan hauek behin-behineko konponketak izaten ziren eta ez zuten gehiegi irauten. XIX. mendea, aldiz, proiektu sendoagoen garaia izan zen Bermeoko portuarentzat.

1859ko Amado Lazaroren proiektua: Portutxikiaren sarrerako mendebaleko murruaren eraikuntza. Murrua, Barra inguruan, arkuduna egin zen, zubia bailitzan, olatuek azpitik egin eta ez zezaten kalterik sortu Bokalen. Egindako lanek ez omen zuten eman espero zen emaitza [464].

1877ko Genaro Mirandaren proiektua: Aurreko proiektuan eraikitako murruaren berreraiketa. Jose L. Torres Bildosolak bukatu zituen lanak [465].

1882ko Jose Lekerikaren proiektua: Urte honetan itsasoaren erasoek, erabat suntsitu zuten Santa Klarako kanpoaldeko moila eta bere berreraikuntzarako proiektua zuzendu zuen.

1891n, ontziak negua pasatzeko moila bat eraikitzeko proiektua izan zen Matxikortan, baina ez zen burutu [466].

Mende amaieran Portunagusian egin beharreko lanen txanda izan zen. Gaur Lamerak hartzen duen lekua, marea beheran, lehorrean geratzen zen harritza zabala zen, balio gutxikoa portu legez eta hirigintza aldetik ere, bere iparreko aldea, hau da, etxeen aurreko kalea besterik ez zen erabilgarria. 1890 eta 1893 bitartean burutu ziren lanek helburu bikoitza izan zuten: hirigintza aldetik gune zabal bat irabaztea (gaurko Lamera dagoen lekua) eta portugintza aldetik, 200 bat metroko moila erabilgarria izatea [467]. 1901 eta 1903 bitartean burutu zen lana, Udal Liburutegitik Portuzarreko sarrerarainoko moilaren eraikuntzarekin [468].

1907an, Santa Klarako atxetako hegoaldeko zatian, hain zuzen, Portuzarretik Landatxu azpirako tartean, zabalgune bat egin zen, itsasoari lekua irabaziz. Migel Jauregizar («Frantzua») izan zen emakidaduna:

«Miguel de Jaureguizar, concesionario de la marisma sita en el punto 'bajo de Landachu' o sea a la parte Norte del Puerto Menor. Confines: N: nueva zona maritima; E: nueva zona maritima; W: terrenos del ayuntamiento y los hdos. de Candido de Leniz, y subida a Landachu; S: calle o zona del puerto menor y subida de la escalera» [469]

Bai zabalguneari (arrantzaleen loiak daude eraikita bertan) eta bai iparralderago geratu den haitzetari, Frantzunatxeta esaten zaie.

XX. mendearen hasieran Bermeoko portuko eraikuntzarik erraldoiena burutu zen: Ronpiolas olatu-moila. Aurretik azaldutako proiektuak, garrantzitsuak izanda ere, ez ziren nahikoak. Beharrezkotzat hartu zen portuko sarrera era egokian babestea, txalupentzat itsaso txarrean portura sartzea arazotsua izaten baitzen:

«.. cuando el paso de la barra ofrece momentaneo peligro por efecto de las grandes mares rompientes (...) las lanchas que pretender entrar acostumbran aguardar en el sitio llamado «El Pozo», a que se presente una calma instantanea que les permita acometer la barra con menos exposicion» [470]

Olatu-moila eraikitzeko zenbait proiektu izan ziren. Jose C. Uzelaiek hasieran, Ugarraitik abiatuko zen olatu-moila proiektatu zuen [471]. Baina azkenean, Bañeratik Bonitoatxeko baixaraino luzatu zen olatu-moila:

«la propia naturaleza parece haberse encargado de indicarla con la linea de arrecifes, visibles en gran parte y casi a flor de agua en bajamar en el trecho que se extiende hacia el Este del lugar conocido por la Bañera y va a terminar en la piedra de Bonitoach» [472]

«Proyecto de nuevo puerto partiendo de la bañera y dirigiendose a Bonitoatxe» [473]

1912ko galernaren ondorioen eraginez, 1913ko errege agindu batez, lan hura egitea onartu zen. Bonitoatxetik aurrera Lamiaranpunta pareraino luzatzeko asmoa zegoen:

«Dique que arrancando de la punta la Bañera y siguiendo por el bajo de Bonitoach, llegase hasta enfilar el meridiano de punta Lamiaren y haciendo constar que la parte util del dique era precisamente la que sobrepasase el mencionado bajo de Bonitoach» [474]

Bostehun metroko olatu-moila egitea pentsatu zen, baina 1930erako, oraindik 275 metro besterik ez zeuden eginda [475]. 1952tik 1962ra bitartean, beste lanez gain, 376m.ko luzera eman zitzaion (Puntazarreaino). Eta hirurogeita hamargarren hamarkadan beste 290 m. luzatu zen olatu-moila.

1931tik 1933ra, hegoaldean, Kikunbera azpitik abiatzen den Farolgorriko dikea eraiki zen [476] eta 1952-1962 bitartean, hegoaldeko moila (Matxikortako moilla). Hirurogeita hamarreko hamarkadan, azkenik, Errosapeko moillaren eraikuntzarekin, Lamiaranpuntaraino luzatu izan da hegoaldeko moila ere, eta Xixili izeneko dikearekin eman zaio amaiera.

__________

[444]   Ciriquiain-Gaiztarro, Mariano (1986); 50

[445]   Libano, Angeles (1995-1999); P-Z; 466.

[446]   Iturriza Zabala, Juan Ramon (1793), II; 27

[447]   Ciriquiain-Gaiztarro, Mariano (1986); 208-209

[448]   Ciriquiain-Gaiztarro, Mariano (1986); 209

[449]   Iturriza Zabala, Juan Ramon (1793), II; 210.

[450]   Ciriquiain-Gaiztarro, Mariano (1986), 211. Zabala, Angel (1928), II; 330.

[451]   VEKA. R.R. Ejec. C361/51; 1b

[452]   Zabala, Angel (1928), II; 331

[453]   Ciriquiain-Gaiztarro, Mariano (1986); 212

[454]   BUA. 1161/6. Cancel. de censos; 15-15b.

[455]   BUA. AL. 1680-1710; 294b.

[456]   BUA. AL. 1711-1727; 127b.

[457]   Zabala, Angel (1928), II; 332

[458]   Zabala, Angel (1928), II; 333

[459]   BUA. 1161/6. Cancel. de censos; 5.

[460]   BUA. 968/1. Recibos y cuentas; 3b

[461]   Zabala, Angel (1928), II; 333

[462]   BUA. 968/3. Libr. y recibos; 60-67

[463]   Ciriquiain-Gaiztarro, Mariano (1986); 214

[464]   Ciriquiain-Gaiztarro, Mariano (1986), 215

[465]   Ciriquiain-Gaiztarro, Mariano (1986), 215

[466]   BUA. 1246/1. Darsena en Machicorta. Basterretxea, J. A. (1981); 148

[467]   Ciriquiain-Gaiztarro, Mariano (1986); 216

[468]   Basterretxea, J. A. (1981); 148

[469]   1914. BUA. 1246. Construcc. edific.

[470]   1911. BUA. 1246/5.

[471]   BUA. 1246/11. Mejoras puerto.

[472]   1911. BUA. 1246/11. Mejoras puerto.

[473]   1912. BUA. 1246/11. Mejoras puerto.

[474]   1927. BUA. 1246/14. Rompeolas.

[475]   Basterretxea, J. A. (1981); 150

[476]   Ciriquiain-Gaiztarro, Mariano (1986); 217

 

Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren
Kultura Sailaren laguntza jaso du