lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Zabalik da udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuetan izena emateko epea

2022-02-01

Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango dira aurten, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, martxoaren 31 arte. Aurten ere ibiltaria izango da UEMAk antolatutako ekimena. 50 laguneko bi zutabe abiatuko dira. Bat Tolosatik, eta bestea Etxarri Aranaztik, eta laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuen helburua. Iaz gazte askok eman zuten izena, eta asko kanpoan geratu zirenez, aurten parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du UEMAk.

 

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.

IZENA EMAN:

 Hemen sartuta eta datuak beteta.
· 943 816699 telefonora deituta.
· Datuak posta elektronikoz hezkuntza@uema.eus helbidera bidalita.

Topaketetarako, begiraleak eta sukaldariak ere behar dira, eta horiek hautatzeko prozedura ere abiarazi du UEMAk. Topaketetan begirale edo sukaldari izan nahi dutenek ere martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dute curriculuma. Hautaketa amaitu ondoren, apirilaren 15erako jakinaraziko zaie erabakia hautatuei.
Hemen begiraleak eta sukaldariak hautatzeko prozedura eta baldintzak:
· Begiraleak eta sukaldariak hautatzeko prozedura, 2022 (PDFan).

Hemen, berriz, Salto! topaketei buruzko informazio osagarria, PDFan:

Informazio osagarria

Salto! 2022. Udalerri euskaldunetako gazteen udalekuak. - YouTube

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube