Oharrak: Bermeoko alde zaharraren goialdea, ospitale psikiatrikoaren hegoaldean, Musika eskola eta Nautika Eskola dauden parajea.
Ez da nahastu behar Landatxu paraje hau Landatxu izena zuen Intxausti kalearen mendebaleko tartearekin.
Landatxu, Talaren antzera, leku altua eta ikuspegi zabalekoa izanik, gotorlekurako aproposa zen. Horrela, 1681ean, kostaldeko baterien inspekzioa egitean, hemengoa ere aipatzen da:
«(...) en el castillo de Santa Eufemia, 5 piezas y dos sacres montados, aunque sus cureñas debian repararse o construirse nuevas. En la muralla del muelle, 2 piezas, una montada y otra en el suelo por carecer de cureña. En la bateria de Landaechu, 2 piezas desmontadas, sus cureñas (en buen estado) se hallaban bajo el tejado. En la Atalaya otras dos, desmontadas tambien. Y se hacia preciso levantar parapetos y proveer a las ultimas cuatro piezas de 110 balas y 5 barriles de polvora, y aumentar la dotacion por tener Bermeo muchos cañones y ser lugar de importancia y consecuencias» [660]
1838an, berriro dago Landatxuko gotorlekuaren berri:
«Conduccion de cañones desde la Talaya a Landachu» [661]
Ingurua udalarena da eta bertako belarra errentan eman izan da:
«Remate de las yerbas de los puntos del Tompon mayor, Tompon menor, la Talaya, Campo Santo, Reñazubi, la Rosa, de los chopos del camino real de la villa de Bilbao, de Landachu ó iglesia vieja y la de la isla de Yzaro»[662]
«Jose de Beascoechea. Sobre disfrute de hierba de la Atalaya hasta Landacho» [663]
XIX. mendean, zezenketak egiten ziren bertan:
«Gabino Maguregui y Pedro Tellechea solicitan la campa de Santamaria por diez años para construir cerco para plaza de toros» [664]
«Corrida en el terreno de la yglesia vieja de Santa Maria» [665]
Nabaria zen paraje honetan Landatxuko etxea.
Landatxun, Musika eskolaren goialdean, Ospitaloste esaten zitzaion kalea dago. XIX. mendean, 1820ko mapan [666] argi agertzen denez, hantxe inguruan egon zen ospitalearen atzealdeko kalea izateagatik hartu zuen izen hau. 1841-44an, 17 etxe zeuden kale honetan [667] eta 1856an, 9 eraikuntza eta 90 bizilagun [668]. 1860an, Beneficencia izena jarri zitzaion kaleari [669] eta azken aldian, euskaratua izan du izena: Ongintza.
Bestalde, Landatxutik eta aipatutako kalearen ekialdeko muturretik Talarantz abiatzen den pasealekuari Talabidea esaten zaio. Ez da nahastu behar bide hau Sanjuanportaletik Talara igotzen denarekin.