lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Bermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak ikerketaren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte Bermeon

2017-10-06

Bermeoko Udalak eskatuta, UEMAk egindako ‘Bermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak’ ikerketaren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte gaur Bermeon. Horretarako, prentsaurrekoa eskaini dute Eneritz Albizu eta Goizane Arana, UEMAko teknikariek eta ikerketaren egileek; Josu Labakak, UEMAko lehendakariak; Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak eta Maite Alvarezek Udaleko Euskara teknikariak.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, udalerri euskaldunetan euskararen gaitasunak eta erabilera sozialak azken urteotan izan duten bilakaera aztertzea beharrezkoa da, batez ere, bilakaera horretan beheranzko joera duten herrietan. “Kale neurketek eta azterlan soziolinguistikoek erakusten digute joera hori duten udalerrietako bat Bermeo dela”, adierazi dute.

Hori dela eta, Bidegurenek azaldu duenez,  Bermeoko Udalak hala eskatuta, horren atzean egon daitezkeen arrazoiak edo faktoreak aztertu ditu UEMAk ikerketa honetan. “Bere helburua honakoa baita: Bermeoko euskararen erabileran eragiten duten faktoreak identifikatu eta goranzko joera eragiteko hizkuntza plangintzan zehaztu beharreko lehentasuna proposatzea”, nabarmendu du. 

Gehiago irakurri

ARRATE EGAÑA IDAZLEAK DINAMIZATUKO DU IRAKURLEEN TXOKOAREN ETAPA BERRIA URRIAREN 19tik AURRERA

2017-10-05

Bermeoko Udal Liburutegiak eta Euskera Sailak  antolatzen duten irakurleen txokoak urriaren 19tik aurrera etapa berri bati ekingo dio, eta Arrate Egaña idazlea izango da irakurle txokoaren dinamizatzailea.

Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak; Maite Alvarezek, Bermeoko Udaleko Euskara teknikariak; eta Arrate Egañak berak, aurkeztu dute gaur irakurle txokoaren etapa berria Bermeoko udal liburutegian egindako prentsaurrekoan.

Agirrek gogoratu duenez, irakurleen txokoaren bitartez, hilean behin, interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskarazko liburu bati buruz hitz egiten dute. Horretarako, dinamizatzaile baten laguntza izaten du taldeak eta partaide bakoitzak liburu horri buruzko iritzia azaltzen du. “Oraingoan, Arrate Egaña idazlea izango dugu dinamizatzaile lanetan”, azpimarratu du.

‘Irakurleen txokoa’ etapa berri honetan, taldea, hilero, hileko hirugarren eguenean batuko da 18:30etik 20:00etara; horrela, urriaren 19an, eguenean, hasiko da. 

Gehiago irakurri

EUSKARA IKASTEKO ETA GIDABAIMENA EUSKARAZ ATERATZEKO DIRU-LAGUNTZAK ESKATZEKO EPEA ZABALIK URRIAREN 2tik 31ra

2017-10-03

Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituen diru-laguntzak eskatzeko epea ireki du urriaren 2tik 31ra bitartean. Era berean, gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin duten bermeotarrek, Bermeoko Udalak horretarako ematen dituen diru-laguntzak eskatu ditzakete epe berean, hau da, urriaren 2tik 31ra bitartean.

Euskara ikasteko Bermeoko Udalak ematen dituen diru-laguntzei dagokienez, Juan Karlos Agirrek, Euskara zinegotziak, adierazi duenez  eskaera urriaren 2tik 31ra bitartean egin daiteke Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea 6-8). “2016-2017 ikasturtean eta 2017ko udan egindako ikastaroak lagunduko ditu udalak”, zehaztu du.

Agirrek azaldu duenez, laguntza hauen helburua da “euskara ikasten ari diren Bermeoko bizilagunei erraztasunak ematea, matrikula ordaintzea eragozpena izan ez dakien euskara ikasteko”. Ildo horretan, zehaztu duenez, diru-laguntza hauen onuradunak izango dira ikasturtean edota udan, homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan, helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak.

Eskatzaileek, besteak beste, honako baldintza hauek bete behar dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa bukatzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta hasten den ikastaroa bukatzea.

Euskara zinegotziak azaldu duenez, ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko diru-laguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. “Ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 € jaso ahal izango dituzte”, adierazi du.

Era berean, Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileei gehienez, matrikularen % 70eko diru-laguntza emango zaie eta diru-laguntzaren xede den ikasturte barruan langabezian daudenei, gehienez, matrikularen % 60a. Gainontzeko ikasleentzat: gehienez, matrikularen % 50a.

Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituen diru laguntza hauek bateragarriak dira HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten diru-laguntzekin.

 

Gidabaimena euskaraz

Gidabaimena euskaraz prestatzeko diru-laguntzei dagokienez, Agirrek adierazi duenez, euren helburua dira Bermeoko bizilagunen bizitzaren arlo guztietan euskararen erabilera normalizatzea eta euskararen erabilera sustatzeko udalerriko eragileekin batera ekimenak eta programak bideratzea.

Interesatuek eskariak Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea, 6-8) aurkeztuko dituzte eta, horretarako, eskari-orria, Nortasun Agiriaren fotokopia, kontu korrontearen zenbakia  eta prestakuntza euskaraz jaso duen eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duen ziurtatzen duen agiria eraman beharko dituzte. Erakunderen baten diru laguntza jaso izanaren kasuan, horren frogagiria aurkeztu beharko dute. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 150 euroko diru-laguntza jasoko dute.

Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak honako hauek dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda eta gaindituta izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea.

Juan Karlos Agirrek azaldu duenez, Bermeoko autoeskoletan gidabaimena euskaraz prestatu daiteke, teorikako liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz daudelako eta, ondorioz, azterketa euskaraz ere egin daiteke. Beraz, pertsona guztiak, eta bereziki gazteak, gidabaimena euskaraz egitera animatu ditu.

Diru-laguntzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Euskara Sailarekin harremanetan jartzeko eskatu du Bermeoko Udalak (94 617 9122, euskera@bermeo.eus edo/eta bere web gunean www.bermeo-euskaraz.eus)

 

 

 

Gehiago irakurri

LAGUNARTEAN EUSKARAZ EGITEKO AUKERA ESKAINIKO DU BERBALAGUN EGITASMOAK 'PRAKTIKATU ETA BIZI' MEZUAREKIN

2017-09-27

Gurasolagun egitasmoan eta indartutako ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera egongo da eta mintzapraktika online zerbitzua eskainiko da

 

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak abian jarri du Berbalagun egitasmoa eta, aurten ere, ‘Praktikatu eta bizi’ mezuarekin dator; izan ere, egitasmo honetan parte hartzen duten pertsonei, lagunartean, euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak eman nahi zaizkie, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo.

Maite Alvarezek, Bermeoko Udaleko Euskara teknikariak, Marimar Hernándezek, Berbalagunen dinamizatzaileak, eta Iratxe Garmendiak, Karmele Zarainek eta Rosa Santosek, AEK, Gotzon Garitonaindia eta Hizkuntza Eskolako ordezkariek, hurrenez hurren, Berbalagun egitasmoa aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

Euskara teknikariak azaldu duenez, Berbalagun egitasmoa “elkarlanean” egiten da, “oso harrera ona du eta, gainera, urtez urte aberastuz doa”. “Parte hartzaileek pozik daude Berbalagunekin; izan ere, adierazten dutenez, ikasitakoa era natural batean adierazteko aukera ematen die”, esan du.

Ildo horretan, azpimarratu duenez, Berbalagunen parte hartzen duten pertsonek “lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko, horregatik, diogu, bada, praktikatu eta bizi”.

Euskara teknikariak azpimarratu duenez, Berbalagun egitasmoan “edonork parte hartu dezake: euskararen bidea egiten ari denak, praktikaren bidez euskara hobetu nahi duenak edota euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak”.

Ildo horretan, zehaztu duenez, 5-6 laguneko taldeak izaten dira, eta horiek osatzeko kontuan hartzen dira parte-hartzaileen disponibilitatea, adina eta zaletasunak. “Mintzataldeak bildu  ahal dira kafetegian, tabernan edo paseoan ibiltzeko… parte-hartzaileek erabakitzen dute non eta noiz, beti lagun giroan”, gaineratu du.

“Berbalagunek euskara praktikatuz ondo pasatzeko aukera ematen du; izan ere, aisialdian egiteko egitasmoa da. Ez da eskola bat , modu ludiko eta natural batean, Berbalaguneko kideek espazio berriak bilatzen dituzte euskaraz egiteko, lagunartean euskarara hurbiltzeko eta euskara praktikatzeko”, azaldu du Marimar Hernandezek.

Ildo honetan, Hernandezek adierazi duenez, Berbalagunen parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez da behar, euskara ikasten ari direnentzat eta euskaraz normalean hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta baitago. Hortaz, zehaztu duenez, Berbalagunen parte hartzeko bi modu daude, alde batetik, euskara praktikatu nahi duten pertsonak eta, beste alde batetik, bidelariak, bide hori egiten laguntzen duten pertsonak, “ezinbestekoak”, hain zuzen ere, egitasmo hau martxan jartzeko.

Aipatu egitasmoan parte-hartzea dohainik dela azpimarratu dute.

Gurasolagun

Marimar Hernandez dinamizatzaileak eta egitasmoa elkarlanean bideratzen duten euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako ordezkariek adierazi dutenez, aurten ere, Gurasolagun ekimenaren bidez, gurasoek eta umeek elkarrekin euskaraz egiteko aukera izango dute.

Gogoratu dutenez, Gurasolagun familientzako berbataldeak dira; “jolasak, txangoak eta tailerrak egiten ditugu, helduak eta haurrak batera aritzeko”. “Hainbat familia batzen direnez, aukera aproposa ere bada lagun berriak egiteko”, gaineratu dute. Ildo berean, urtean bitan, gutxienez, asteburu-pasak ere antolatzen dituztela adierazi dute.

Gurasolagunen bidez, “gurasoen eta seme-alaben arteko transmisioa indartu nahi da, eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartu”.

Bestalde, Berbalagun egitasmoaren barne hainbat ekintza osagarri antolatzen direla ere jakinarazi dute, “euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko”. “Ekintza osagarrien programa zabala eskainiko da; besteak beste, bidaietako kronikak, eskulanak, dantza tailerra…”, azaldu dute.

Gainera, aurten, euren esanetan, ekintza osagarriak beste esparru batzuetara zabaldu nahi dira, urtez urte aberasten baitira ekintza horiek. Horrela, kirolaren edo naturaren inguruko jarduerak ere egiteko aukera izango dugu: mendilagun, bizikletaz ibiltzeko taldeak, martxa nordikoa, berbabentura (eskia, eskalada, surfa….)”, azaldu dute.

Horrez gain, herrian euskaraz izaten diren ekimenetan parte hartzen dute berbalagunek, esaterako, Irakurle txokoan, Euskaraz Bizi Nahi dut Egunean, Erromeridxen…”. Ekimen horien bidez lagun berriak egiteaz gain, herrietako kultur eskaintza zabaldu egiten da.

Ekintza horiek guztiak zabalik daude berbalagunentzat eta ez direnentzat ere. Eta horien berri zabaltzeko hainbat bide erabiltzen dira, Berbalagun info! buletina eta sare sozialak. “Aurtengo lehen info!-a azaroan zabalduko da eta informazioaren berri jasotzeaz gain, lehiaketan parte hartzeko aukera izango da, hain zuzen, urriaren 30etik azaroaren 30era” gaineratu dute.

Mintzapraktika online

Etxetik euskaraz hitz egin nahi duenak edo urruneko beste euskaldun batzuekin hitz egin nahi duenak Mintzanet zerbitzua erabili dezake, eta horren bidez, bideo-konferentziaren bidez aritu ahal izango da: www.mintzanet.eus.

Bestalde, informazio eguneratua nahi duenak, eskura izango ditu Berbalagunen facebook-a eta bloga, bertan argitaratzen dira berri guztiak eta izena emateko aukera ere eskaintzen du zuzenean.

Berbalagunen parte hartu nahi duten pertsona guztiek, beraz, Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 7091) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 9122) deitu dezakete edota Marimar Hernandez dinamizatzailearekin 607 609 580 zenbakian kontaktatu.

Maite Alvarezek, Marimar Hernandezek eta egitasmoa elkarlanean bideratzen duten euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako ordezkariek euskaraz egiteko gogoa duten pertsona guztiei bai Berbalagun egitasmoan bai ekintza osagarrietan parte hartzeko deia egin diete “Bermeon euskaraz bizitzeko”.

Gehiago irakurri

GURASO ETA ETORKINENTZAKO EUSKARA IKASTAROETAN IZENA EMATEKO EPEA IREKITA IRAILAREN 30ERA ARTE

2017-09-07

Bermeoko AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietako ikastaroetan izena emateko epea irekita

Gurasoentzako eta etorkinentzako ikastaroak aspaldiko urteetan antolatzen ditu Bermeoko Udalak udalerriko euskaltegi biekin elkarlanean, eta horien helburuak argiak dira: familia bidezko transmisioa indartu nahi da, alde batetik, euskara ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak emanez, eta;  beste alde batetik, Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaldu gura da. Ikastaro hauetan interesa dutenek irailaren 30era arte eman ahal izango dute izena Berhaz bulegoan.

Gehiago irakurri

'Miñen puntiegaz' kantaren bideoklipa

2017-09-07

“Geuk eus” euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpainaren barne, Bermeoko herriko  musika taldeetako 15 musikarik euskaraz dantzatzeko eta abesteko ‘Minen puntiegaz’ abestia sortu dute. Zona Cero, Zartada, Etxekalte, Ozhen, Urgatz eta Ttakuntxo taldeetako musikariak eta Gatomn eta Leire Gotxi dira, hain zuzen ere, abesti honen egileak.

Gehiago irakurri

‘Geuk eus’ kanpainaren barne, herriko musikari gazteek ‘Miñen puntiegaz’ abestia sortu dute

2017-09-06

‘Geuk eus’ euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpainaren barne, Bermeoko herriko  musika taldeetako 15 musikarik euskaraz dantzatzeko eta abesteko ‘Minen puntiegaz’ abestia sortu dute. Zona Cero, Zartada, Etxekalte, Ozhen, Urgatz eta Ttakuntxo taldeetako musikariak eta Gatomn eta Leire Gotxi dira, hain zuzen ere, abesti honen egileak. 

Gehiago irakurri

BERMEOKO GAZTE-KOADRILAK BERDINTASUNARI BURUZ BERBETAN ARITU DIRA, BIZENTAREN LUMAK JOLASAREN BIDEZ

2017-07-04

Bermeoko 20 gazte emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz berbetan aritu ziren atzo arratsaldean Talan. Bizentaren lumak solas-jolasa erabili zuten gazteek genero-berdintasunaren inguruko gogoeta egiteko.

Bermeoko Udalak antolatu zuen ekimena Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean. Jolasaren bidez, Talara hurreratu ziren 3 koadrilek hainbat istorio ezagutu zituzten. Esate baterako, Anerrena: « 4 urte ditut. Andoainen bizi naiz eta 2 arreba nagusi ditut. Gaur eskolara joateko arreba baten tutu-gona ederra jantzi dut, koloretako legginsekin batera, gelako Ianire eta Leirek bezalaxe. Amak oso polita nagoela esan dit; arrebek, berriz, barre egin didate ; baina eguneroko kontua da eurek niri barre egitea. Eskolara hurbiltzen joan naizen heinean, txikitzen joan naiz eta besteen barreak eta isekak entzunda. Ez nuen entzuten amak esaten zidana, besteen barreak besterik ez. 2 hilabete geroago, inauterietako eskola-festan, neskek mutil-mozorroa jantzi dute, eta mutilak neska jantzita ibili dira. Mutil guztiek jantzi dute gona.”

Gehiago irakurri

Bermeoko udal langileak euskararen eragile

2017-06-23

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak udal langile guztiei zuzendutako saioak antolatu ditu euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egiteko eta Bermeon euskararen erabileran eragiteko asmoz.

Lehen saioak aste honetan izan dira eta 40 langile inguruk parte hartu dute, zenbait arlotan lan egiten dutenak; hala nola, aurrez aurreko zerbitzuetan, bulegoetan, Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuan, udaltzainak eta herri lanetako langileak.

Ahozko erabileran eragiteko helburua aintzat hartuta, saio horietan hainbat hausnarketa gai izan dute, bai udalaren barneko harremanen inguruan, baita ere herritarrei udalak eskaintzen dizkien zerbitzuen ingurukoak.

Juan Karlos Agirrek, Euskara zinegotziak, adierazi duenez, Bermeoko Udalak, erakunde publikoa den heinean, euskararekiko “erantzukizun soziala” du, eta, beharrezkoa da langileei euskara ahoz gehiago erabiltzeko baliabideak ematea. Euskararen egoera aztertu, eztabaidatu, jarrera aktiboak sustatu eta sentsibilizazioa landu dira, herrian horrek duen eraginaren kontzientzia hartzeko.

 

Horrela euskara saioetan udal langileek honako gaiak izan dituzte aztergai: Bermeoko Udalaren hizkuntza ibilbidea azken 40 urteetan; euskara jakin arren, ez erabiltzeko faktoreak; historian zehar eta egun dagoen gaztelaniaren aldeko hizkuntza politikak euskararen erabileran duen eragina; hizkuntza ekologiaren kontzeptu nagusiak; arnasguneen ezaugarriak eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak eta Udal Legeak Euskal Autonomia Erkidegorako eskaintzen diguten Lege Babesa. Horrez gain, aurrera begira, ahozko erabilera areagotzeko zelan eragin ere landu da.

Saio horietan parte hartu duten langileen balorazioa ona izan da, erakundean euskararen erabilera areagotzeko aukerak badaudela adierazi dute eta erabilera hobetzeko gogoa ere bai; izan ere, euskaraz egiteko jokaera kontzienteak pizteari garrantzia handia eman diote.

Bere aldetik, Bermeoko Udaleko Euskara Sailak uda ostean saio horietan langile gehiagok parte hartzeko aukera emateko eta euskara erabiltzeko jokaera aktiboak sustatzeko lanean jarraituko duela adierazi du. 

Gehiago irakurri

Geuk eus. Sagrado Corazon ikastetxeko jai eguneko argazkiak eta bideoak argitaratuta

2017-06-02

Geuk eus. Sagrado Corazon ikastetxeko jaian jarritako karpara hurreratu zirenen argazkiak eta bideoak argitaratuta hemen.

Gehiago irakurri

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube