lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Hasi da Bermeoko Berbalagun egitasmoa!

2020-10-08

Ekimen honen bidez, euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie parte-hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo

Lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra landu eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko

 

Bermeon, 2020ko urriaren 8an.- Beste urte batez, Bermeoko Udaleko Euskara Sailak abian jarri du ‘Berbalagun’ egitasmoa. Ekimen honen bidez, lagunartean, euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie parte-hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo. Aukera paregabea da euskara praktikatu nahi duen edozeinentzat, maila altua edo apalagoa badu ere. Izena emateko epea zabalik dago jada eta urte osoan zehar horrela egongo da. Berbatalde berriak hilabete honetan bertan hasiko dira elkartzen eta iazko lau talde jadanik martxan hasita daude.

 

Kontutan izan behar da aurtengoa urte berezia izango dela eta momentuko egoerak aginduko duela. Berbataldeek aurrez aurre elkartzerik ez badute, on line ariko dira eta ekintza osagarriak, berriz, unean-unean erabakiko da ahalbidetu edo bertan behera utzi behar diren. Hori bai, egiten diren ekintza guztiek zorrotz beteko dituzte indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak.

 

Gehiago irakurri

Irakurleen Txokoa eta Antzerki Tailerra bueltan datoz osasun eta segurtasun neurri guztiak betez

2020-09-24

Irakurleen Txokoa eta Antzerki Tailerra bueltan datoz osasun eta segurtasun neurri guztiak betez

 

Bermeoko Udal Liburutegiak eta Udalaren Euskera Sailak antolatutako Irakurleen Txokoan literaturan interesa duten pertsonak elkartu eta euskaraz idatzitako liburu baten gainean hitz egiten dute

Antzerki Tailerrak berriro irekiko ditu ateak irailetik ekainera bitartean eta bertan parte hartu nahi duten pertsonek Berhaz bulegoan eman beharko dute izena

 

Bermeon, 2020ko irailaren 24an.- Irakurleen Txokoak eta Antzerki Tailerrak laster emango diote ikasturteari hasiera, hori bai, indarrean dauden segurtasun eta osasun neurri guztiak zorrotz betez. Bermeoko Udal Liburutegiak eta Udalaren Euskera Sailak antolatzen duten Irakurleen Txokoa urriaren 22an hasiko da eta Antzerki Tailerra, aldiz, 2020ko irailaren 30etik 2021ko ekainera bitartean egingo da. Lehenbizikoan izena emateko azken eguna urriaren 21a izango da eta bigarrenean parte hartu nahi duenak irailaren 29era arte izango du aukera.

 

Irakurleen txokoan, hilean behin, literaturan interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskaraz idatzitako liburu bati buruz hitz egiten dute. Horretarako, Arrate Egaña idazlearen laguntza izaten du taldeak eta partaide bakoitzak liburu horri buruzko iritzia azaltzen du. Taldea hilabete bakoitzeko hirugarren ostegunean elkartzen da Udal Liburutegian (18:30etik 20:00etara). 2011n hasitako ekimen honetan parte hartzea doakoa da eta Udal Liburutegian eman beharko da izena. Interesatuek bertara hurbildu, izena eman eta hurrengo hilabeterako liburua jaso besterik ez dute egin behar. Gainera, hileroko dinamikaz gain, urtean zehar idazle batekin solasaldia ere egingo da idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko.

 

Guztira, aurten, 8 liburu irakurriko dira eta euskal ekoizpenez gain, literatura unibertsala ere jorratuko da. Hori bai, denak izango dira euskaraz idatzitakoak edota euskarara ekarritakoak. Ekimen honen helburuak dira irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.

 

Gainera, larunbat  honetan, maiatzean Asel Luzarraga idazlearekin egin ez zen solasaldia egingo da. ‘Gezurra odoletan’ bere liburuaren gainean ariko dira bertaratzen diren irakurleak. Elkarrekin bazkalduko dute eta bazkalostean liburuaz idazlearekin zuzenean berba egiteko aukera izango dute.

 

Antzerki Tailerra:

Antzerki Tailerrak, berriz, segida emango dio iazko lanari eta Jon Ander Urresti aktoreak gidatuko duen tailerra 19:00etatik 21:00etara egingo da Bermeoko Kultura Etxean. 2020ko irailaren 30ean hasi eta 2020ko ekainean bukatuko da kurtsoa. Ekimen honetan izena emateko epea irailaren 29an bukatuko da.

 

Tailerrean, besteak beste, honakoak landuko dira: gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak. Hori guztia ariketen bidez egingo da eta landutako kontzeptuak eszenan praktikan jarri nahi dira.

 

Antzerki Tailerraren helburua da kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea. Tailerrean, antzerkigintzan interesa duten eta komunikazio gaitasunak landu nahi dituzten 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute. Ekimen honetan 115 euroko matrikula ordaindu beharko da eta izena emateko Berhaz bulegotik pasa beharko da.

https://oizmendi.eus/herriak/27-herriak/bermeo/2294-bueltan-dira-laster-bermeoko-irakurleen-txokoa-eta-antzerki-tailerra

 

 

Oizmendi TBko bideoa

Gehiago irakurri

Asel Luzarraga idazlearekin solasaldia

2020-09-21

Asel Luzarraga idazlearekin solasaldia izango dute Irakurleen txokoko partaideek irailaren 26an, zapatuz. Gezurra odoletan bere liburuaren inguruan ariko dira bertaratzen diren irakurleak. Elkarrekin bazkalduko dute eta bazkalostean liburuaz idazlearekin zuzenean berba egiteko aukera izango dute.

Asel Luzarragak 2009an Txilen pairatu zuen polizia-muntaiaren arrasto nabaria dauka nobela honek, mamian eta azalean. Orduan pairatu zituen gezurrek bultzatu zuten idazlea pertsonaen egia idaztera,

Internet bidez ezagutu duen Vero gaztearekin elkartzera joan da Jon Euskal Herritik Temukora. Oharkabean ia, neskaren lagun anarkisten bidez, maputxeek beren lurraren alde daramaten borrokan nahasten joango da eta xalotasunez, blog batean idatziko ditu bere zalantza, irudipen eta kezka guztiak. Ez da konturatzen Txileko boterea bere inguruan anbizioaren eta errepresioaren amarauna josten dagoela eta, erortzean, haren gezurrak ere jausiko direla.

 

Gehiago irakurri

Euskara ikastaroetan izena emateko epea zabalik

2020-09-07

Bermeoko Euskera zinegotzi Kepa Zumetak, Euskara Saileko teknikari Maite Zaratek, AEK euskaltegiko irakasle Arantzazu Guarrotxenak, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko irakasle Leire Iñigok eta Hizkuntza Eskolako irakasle Ibon Iturbek ikastaro hauen eta 2020-2021 ikasturteko matrikulazio kanpainaren berri eman dute

Ikasturte honetako eskolak egungo egoerara moldatuta egongo dira eta segurtasun eta osasun neurriak zorrotz beteko dituzte

Gehiago irakurri

BERMEO ARRARIK ARRA LEHIAKETAKO IRABAZLEAK

2020-05-07

Bermeo Arrarik arra jolasaren bidez eta Etxealditik Euskaraldiaren testuinguruan, Bermeon ere hizkuntza ohiturak aldatzeko eta urte amaieran egingo dugun ariketa masiborako entrenamenduarekin hasi gara, Aste batez eta egunero, herritarrek Bermeoko euskarari, historiari, kulturari… buruzko 5 galdera erantzun dituzte.

Gehiago irakurri

AMAITU DA BERMEO ARRARIK ARRA JOLASA

2020-04-24

Bermeotarrak fin ibili zarete apirilaren 24etik 30era 'Bermeo Arrarik Arra" online jolasean. ESKERRIK ASKO parte hartu duzuen guztiei, oso arrakastatsua izan da. Datorren astean, azken puntuazioak batu eta sarien banaketa zabalduko dugu. Bitartean, hemen aste osoko galdera eta erantzunak!

/fitxategiak/files/Arrarik Arra_erantzun zuzenak.pdf

 

Gehiago irakurri

Egizu klik AISA online ikastaroan!

2020-04-15

Martxan duzu www.ikasten.ikasbil.net atarian AISA online ikastaroa doan. Erabiltzaile kontua ireki besterik ez duzu egin behar eta tutorerik gabe oso oinarrizko euskara internet bidez ikasteko aukera izango duzu. 

Gehiago irakurri

BERBALAGUN EZ DA MUTUTU

2020-03-30

Egokitu ditugu taldeak egoera berri honetan praktikatzen jarraitzeko, onlineberba egiteko eta euskaraz bizitzen jarraitzeko, etxetik.

Berba egiteko taldeez gain, euskal dantza errazak praktikatzeko taldea ere hasi da antolatzen etxean dantzatzeko elkarrekin.

Lehenengo dantza "100 alargunen dantza" izan da, eskerrik asko Silvia, bideoa helarazteagatik.

Edozein taldetan parte hartzeko, bidali mezu bat 607609580 zenbakira eta deituko dizugu eguna eta ordua adosteko. Birusak ez gaitu mututuko!!

Gehiago irakurri

BIKOIZKETA BERROGEIALDIA

2020-03-25

Adi Bermiotar! Bikoizketa lehiaketa martxan da!!! egun luze hauetan, aspertuta bazaude, egin klik https://play.google.com/store/apps/details?id=madlipz.eigenuity.com jaitsi Madlipz aplikazioa eta bikoiztu bideoak ! Erraza eta dibertigarria da! Animatu!!
 

Gehiago irakurri

ETXEAN GOXO EUSKARAZ

2020-03-17

Koronabirusaren ondorioz, etxean geratu behar gara. Horregatik, etxean goxo euskaraz egoteko lotura daukazue hemen!!!

ETXEAN GOXO EUSKARAZ!!!!

Gehiago irakurri

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube