lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Izen-abizenak euskal grafiaz idazteko “Izena duenak izana du” kanpaina abian du Bermeoko Udalak

2018-05-03

Euskarazko abizenak euskal grafiarekin idazteko ‘Izena duenak izana du’ sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du maiatzean Bermeoko Udalak, UEMAren laguntzarekin, “munduan euskaldunek presentzia izateko”.

Bermeon oso zabalduta dauden abizen asko idatzi daitezke euskeraz: Atxikallende, Allika, Argiarro, Astiazaran, Etxebarria, Bulukua, Markaida, Erauzkin, Gabantxo… Helburua da euskal abizena era ofizialean gaztelaniazko grafiaz idatzita duenak pausua ematea eta epaitegian eskatzea aldaketa, eta horretarako, UEMAk prestaturiko informazio-orria eta kartelak banatuko dituzte Bermeoko Udalak eta hainbat eragilek.

Aipatutako informazio-orrietan jasotzen denez, hiru pausu erraz eman behar dira abizenak euskal grafiaz idazteko. Horrela, adierazten denez, interesa duen pertsona lehenik eta behin erregistro zibilera edo bake epaitegira joan behar da, eta abizena euskal grafiaz ipini nahi duela esan. Bertan, emango dioten eskaera orria beteko du bere datuekin.

Ildo berean, agiri hauek eraman behar dira: nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman behar du); hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatzen da); errolda agiria (Udaletxean eskatzen da eta, adinez nagusia ez bada, gurasoena beharko du); familia liburuaren fotokopia (familia edo seme-alabak baditu); eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia, 16 urtetik gorakoak badira.

Horrez gain, izena edota abizena euskaraz nola idatzi behar den kontsultatzeko www.euskaltzaindia.eus  web gunean bilatu ahal izango da informazio osatua.

Informazio-orriak udal zerbitzuetan (Berhaz, Behargintza, Udal liburutegia, Kultur etxea, Musika eskola eta Kiroldegia) eta Bake Epaitegian egongo dira, eta ikastetxeetara ere zabaldu dira.

Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskera zinegotziak, adierazi duenez, 2010etik 2017ra 300 espedientetik gora tramitatu dira, beraz, kanpaina honen emaitzak positiboak dira. Euskara zinegotziak  izen-abizenak euskal grafiaz idazteko prozesua “erraza” dela adierazi du, eta herritarrak animatu ditu pauso hori ematen, “garrantzitsua delako euskaldunok munduan leku bat izatea, eta, euskal abizenak euskal grafiaz idazten baldin baditugu, horixe erakusten dugu”.

Bestalde, epaitegietan egiten diren beste tramite batzuk ere euskaraz egin daitezkeela gogoratu du. Hala, bada, epaitegian erregistratzen diren jaiotza, ezkontza eta heriotza-inskripzioetan, euskara erabiltzeko aukera badago.

Ildo honetan, 2017an jaio diren bermeotarren erdiak gutxi gorabehera euskaraz inskribatu dituzte. Agirrek 2018an jaiotzen diren umeen eta ezkonberrien inskripzioak euskaraz egitera animatu ditu, “arlo honetan euskaraz bizitzeko beste pauso bat emateko”.

Gehiago irakurri

Errenta aitorpena euskaraz

2018-05-02

Errenta aitorpena egiteko edozein bide erabilita ere, euskaraz egiteko aukera badago.

Interneta, Ogasunak etxera bidaltzen duen likidazioa, era mekanizatua, banketxe edo aholkularitzara joanda, bide horietako edozeinetan euskaraz egiteko eskatu dezakegu eta horrela, arlo honetan ere euskarari atea zabaltzen diogu.

Aitorpenean erabiltzen diren berbak eta kontzeptuak errazak ez direnez gero, Udalak UEMAren laguntzagaz etxe guztietara bidali duen eskuko orrian, hiztegia txertatu du, laguntza modura.

Arlo honetan ere, eman bidea euskarari.

Gehiago irakurri

Berbalagun udaberriko buletina kalean da

2018-04-27

Kaleratu da aurtengo ikasturteko Berbalagunen 3. albistegia. Hiru ataletan, datozen ekintzak iragartzen dira, egindakoen berri ematen da eta atzeko aldean, lehiaketan parte hartzeko aukera dago. Lehiaketan parte hartzeko epea maiatzaren 21ean amaituko da.

 

Info +

berbalagun-bermeo.blogspot.com

Gehiago irakurri

Bazkari-solasaldia Kattalin Miner idazlearekin

2018-04-23

Maiatzaren 5ean, Nola heldu naiz ni honaino  liburuari buruz berba egingo da irakurleen txokoan. Parte hartu nahi duenak Liburutegian eskatu behar du liburua eta ordurako irakurri.

Enpresan mailaz eta soldataz igotzea, herentzia bat jasotzea, etxe bat erosi ahal izatea, lagun ugari edukitzea… Arrakastaren laukitxo guztiak beteak ditu Jezabelek, argi du zer nahi duen bizitzan eta zirt-zart hartu ohi ditu erabakiak. Halako batean, ordea, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da. Emakume gazte baten nora eza darabil Kattalin Minerrek gure gizarteko hainbat gai giltzarri jorratzeko: familia eta bikote ereduak, heteroaraua, harreman batean bilatzen duguna… Nortasunez beteriko lehenengo eleberri bat, irakurlearen gogoa astindu eta zer pentsatua emango diona.

Kattalin Minerrekin bere liburuaz zuzenean berba egiteko aukera ezin hobea izango da.

 

Hitzordua, maiatzaren 5ean, eguerdian. Ordua eta lekuaren berri izateko Liburutegian galdetu.

 

Gehiago irakurri

Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkariko 110 harpidetza egin ditu leku publikoetan banatzeko

2018-04-10

Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzarekin akordioa adostu du euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko. Horren bidez, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako 110 harpidetza banatuko dira Bermeoko leku publikoetan.

Horren berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan Juan Karlos Agirrek, Euskara Saileko zinegotziak; Maite Alvarezek, Euskara teknikariak; Izaro Mendietak, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako zuzendariordeak; eta Idurre Arrazolak Hitzako komertzialak.

Gehiago irakurri

"Geuk eus" irudia duten sagu azpikoak salgai

2018-03-23

Bermeoko Udalak herriko hainbat eragileekin elkarlanean “Geuk eus” euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpaina 2016ko maiatzean martxan jarri zuenez geroztik, hainbat ekimen bideratu ditu eta orain, beste bat gehitu du. 

“Geuk eus” 1.000 arrazoi bizitzeko kanpaina etxe guztietara zabaldu nahian, horren irudia duten ordenagailurako sagu azpikoak editatu ditu eta salgai jarri ditu. Bi motatako sagu azpikoak eros daitezke; alde batetik, arruntak, 1,5 euro balio dutenak, eta, bestetik, ergonomikoak, 8,5 euroko prezioarekin. 

Hortaz, "Geuk eus" kanpainaren logoa eta koloreak duten sagu azpiko hauek erosteko interesa duten pertsonek Berhazen, Euskera sailean eta liburutegian eskuratu ahal izango dituzte.

Gehiago irakurri

Zinera gonbidatzen zaitugu

2018-03-22

Asteburuan Bermeon umeentzako Oin handiren semea euskarazko pelikula proiektatuko da.

Euskara Sailak zinera joateko gonbidapenak banatu ditu. Sarrera eskuratu nahi izanez gero, leku hauetan egingo diren zozketetan parte hartu baino ez da egin behar: Hitzan eta Itsuki irratian. Umeek ikastetxeetan aukera izango dute sarrera eskuratzeko, baita ludotekara joaten diren umeek ere.

Gehiago irakurri

EUSKARALDIA: 11 EGUN EUSKARAZ

2018-03-22

ZER DA EUSKARALDIA?

Euskaraldia, euskararen erabilera suspertzeko ekimena, Bermeon ere? Ekilikua!

Lehen aldiz Euskal Herri osoan, batera, egingo den ekimena da Euskaraldia. Ez da jai bat, ezta epe laburreko kanpaina bat, arnas luzeko lan ildo bat da. Ariketa sozial erraldoi bat izango da.

Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskara 365 egun dikamikaren barruan dago, Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak bideratuta. Eurekin batera, 30 sustatzaile baino gehiago daude, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako aldundiak, Nafarroako Gobernua, AEK, EHU, Ikastolen Elkartea, Irrien Lagunak, UEMA… Gu ere euskararen ugeran sartuko gara eta ugerie sortuko dugu.

Sasoie da, 2018ko azaroaren 23tik, abenduaren 3ra, 11 egunez, ahalik eta pertsona gehien, euskeraz ulertzen duen edonorekin, euskeraz hitz egitea proposatzen duen ekimena da. Hizkuntza ohiturak astindu eta euskera gehiago erabiltzeko balioko duena.

Gehiago irakurri

Zinera gonbidatzen zaitugu

2018-03-08

Asteburuan Bermeon umeentzako Maia erlea euskarazko pelikula proiektatuko da.

Euskara Sailak zinera joateko gonbidapenak banatu ditu. Sarrera eskuratu nahi izanez gero, leku hauetan egingo diren zozketetan parte hartu baino ez da egin behar: Hitzan eta Itsuki irratian. Umeek ikastetxeetan aukera izango dute sarrera eskuratzeko, baita ludotekara joaten diren umeek ere.

Gehiago irakurri

Zinera gonbidatzen zaitugu

2018-02-21

Asteburuan Bermeon umeentzako Oihaneko kuadrilla euskarazko pelikula proiektatuko da.

Euskara Sailak zinera joateko gonbidapenak banatu ditu. Sarrera eskuratu nahi izanez gero, leku hauetan egingo diren zozketetan parte hartu baino ez da egin behar: Hitzan eta Itsuki irratian. Umeek ikastetxeetan aukera izango dute sarrera eskuratzeko, baita ludotekara joaten diren umeek ere.

Gehiago irakurri

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube