lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Aurten ere bermeotarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera izango dute

2023-04-21

  • Helburua da herritarrak administrazioekiko harremanak, oro har, euskaraz izatea eta bereziki errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatzea, horretarako erraztasunak emanez
  • Herriko 6 aholkularitza enpresek herritarrei errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatzeko konpromisoa hartu dute

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, aurten ere, Bermeoko Udalak, UEMA eta beste hainbat erakunde publikorekin elkarlanean errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarri du. Izan ere, administrazioekin, bai webgune bidez, telefono bidez, zein gainerako harremanetan euskararen aldeko hautua egitea da helburua.

2022ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia da eta, 2014tik hona egin den bezala, Bermeon errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi da. Zentzu horretan, errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, horretan eragin nahi da, hain zuzen ere herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez. Honelako ekimenen bidez herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak man nahi zaizkie, neurri zehatzak hartuz eta esparru guztietan euskararen erabilera bultzatzeko pausuak emanez.

Erronka horri aurre egiteko, oraingo honetan ere herriko sei aholkularitzak errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko konpromisoa agertu dute. Honako aholkularitzak izan dira euren jokaera aktiboaren bidez euskararen presentzia hedatzen laguntzen eta euskararen erabilera sustatzeko pausu garrantzitsua eman dutenak:

  •          AURTENETXE aholkularitza
  •          AITOR BARRENA aholkularitza
  •          BERMEO CONSULTING SL
  •          MB ABOKATUAK aholkularitza
  •          TORREALDAY aholkularitza
  •          UGERRI aholkularitza

Aholkularitzek hartutako konpromiso horren baitan dago herritarrei errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatzea eta horretarako erraztasunak ematea: lehen berba euskaraz egiteko aukera, elkarrizketa ahal den guztietan euskaraz egiteko aukera, ahoz zein idatziz aitorpena euskaraz egiten laguntzeko, dokumentua euskaraz ateratzeko aukera… Horrek guztiak euskara normaltasunez erabiltzeko joera indartzen du. Bestalde, Udalak sentsibilizazio eta komunikazio lana egingo du esku-orriak banatuz eta kartelak jarriz, beste batzuen artean.

Gauzak horrela, herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatzen zaie, bai aholkularitzen bidez, zein BFAko webgunearen bidez,  autolikidazio proposamena onartzeko orduan, eta baita aitorpena Internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egitean ere, euskaraz egin nahi dela hautatuz. Horretaz gain, gainerako administrazioekiko harremanetan ere euskararen aldeko hautua egitea litzateke gakoa eta lehentasunezko hizkuntzatzat euskara aukeratzea.

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube