lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Bermeoko Udalak dirulaguntzak emango ditu euskara ikasteko eta gidabaimena hizkuntza honetan prestatu eta azterketa egiteko

2020-11-24

 

 

  • Laguntza hauek abenduaren 28ra arte eskatu ahal izango dira Berhaz bulegoan edo Bermeoko Udaleko Egoitza Elektronikoan

 

 

Bermeon, 2020ko azaroaren 25ean.- Bermeoko Udalak, beste urte batez, dirulaguntzak emango ditu euskara ikasteko, gidabaimena hizkuntza honetan prestatu eta azterketa egiteko eta merkataritza establezimenduetan errotuluak euskaraz ipintzeko. Eskaerak egiteko azken eguna abenduaren 28 izango da eta Berhaz bulegotik (Ertzilla kalea 6-8) edo Bermeoko Udaleko Egoitza Elektronikotik bideratuko beharko dira.

Euskara ikasteko dirulaguntzei dagokienez, 2019-2020 ikasturtean eta 2020ko udan egindako ikastaroak diruz lagunduko dira. Dirulaguntza hauen onuradunak izango dira ikasturtean edota udan, homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan, helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak.

Eskatzaileek, besteak beste, honako baldintzak bete behar dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa bukatzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta hasten den ikastaroa bukatzea. Ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. Aldi berean, ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 € jaso ahal izango dituzte.

Era berean, Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileei, gehienez, matrikularen % 70a ordainduko zaie eta ikasturte barruan langabezian daudenei, asko jota, matrikularen % 60a. Gainontzeko ikasleek, gehienez, matrikularen % 50a eskuratu ahal izango dute. Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituen dirulaguntza hauek bateragarriak dira HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten laguntzekin.

 

Gidabaimena euskaraz

Gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin nahi duten pertsonek eskariak Berhaz bulegoan edo Bermeoko Udalaren Egoitza Elektronikoan aurkeztu beharko dituzte abenduaren 28a baino lehen. Horretarako, eskari-orria, Nortasun Agiriaren fotokopia, kontu korrontearen zenbakia  eta prestakuntza euskaraz jaso eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duela ziurtatzen duen agiria eraman beharko dituzte. Erakunderen baten dirulaguntza jaso izanaren kasuan, horren frogagiria ere aurkeztu beharko dute. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 150 euroko dirulaguntza jasoko dute.

Laguntzak eskuratzeko baldintzak hauek dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gaindituta izatea eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea.

Errotuluak euskaraz

Azkenik, Bermeoko Udalak merkataritza establezimenduetan errotuluak euskaraz ipintzeko diru-laguntza argitaratu du. Eskatzaileak, errotulua jarri aurretik, honen zirriborroa aurkeztu beharko du, aurreikusitako testuarekin. Ondoren, jatorrizko faktura aurkezteaz gain, ipinitako errotuluaren argazkia ere aurkeztu beharko du. Gehienez, 300 euro emango dira merkataritza establezimendu bakoitzeko.

 

Dirulaguntzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero:

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube