Euskara ikasi nahi duten guraso eta etorkinek ikastaroetan izena eman dezakete irailaren 30era arte
2023-05-16
Gainera, 2022-2023 ikasturteko matrikulazio kanpaina ere abian da dagoeneko
Bermeoko Udalak, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiek urtero elkarlanean antolatzen dituzten guraso eta etorkinei zuzendutako euskara ikastaroetan izena emateko epea zabaldu dute irailaren 30era arte. Gainera, 2022-2023 ikasturteko matrikulazio kanpaina ere abian da dagoeneko. Hala eman dute jakitera Bermeoko Euskera zinegotzi Kepa Zumetak, Euskara Saileko teknikari Maite Zaratek, AEK euskaltegiko irakasle Marimar Hernandez-ek, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko irakasle Marije Layunok eta Hizkuntza Eskolako irakasle Ibon Iturbek.
Familia bidezko transmisioa bermatzea eta euskara ikasteko erraztasunak ematea da gurasoei bideratutako euskara ikastaroen helburua. Helburu hauek lortzeko, AEK euskaltegiak eta Bermeoko Udalak urteak daramatzate elkarlanean oso emaitza onak lortuz. Ikastaroek 120 orduko iraupena eta 20 euroko prezioa izango dute.
Bigarren euskara ikastaroa etorkinei zuzendutakoa da. Ikastaro hau Bermeoko Udalaren eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiaren arteko elkarlanaren fruitua da eta bere helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, integrazio errazago bat izan dezaten. Honek ere 120 orduko iraupena izango du baina merkeagoa izango da. Izan ere, 10 euroko prezioa izango du, ikas-materiala kontutan hartu gabe. Ikastaro honetan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABE-k garatutako ‘Aisa’ metodologiaren bitartez.
Bi ikastaro hauek emaitza oso onak izan dituzte aurreko urteetan. Hori da ikasleek adierazten dietena. Hori dela eta, gogorarazi dute oraindik ere izena eman daitekeela ikastaroetan, irailaren 30era arte eta ikastaroak urrian hasiko dira.
Matrikula Udalaren Berhaz bulegoan egin behar da, ordutegi honen arabera: astelehen, eguazten eta barikuetan, 8:00-15:00 eta martitzen eta eguenetan 8:00-14:00 eta arratsaldez 16:00-18:00.
Matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskuratu daitezkeen diru laguntzei buruzko informazioa jasoko dute euskaltegietara joaten direnek, izan ere, HABEk eta Udalak diru laguntzak eskaintzen dituzte, ikasleek ordaintzen duten matrikula-gastuetan ahalik eta erraztasun handiena izan dezaten.
Euskara ikasteko aukera zabala Bermeon:
Euskara ikastaroak eskaintzen dituzten hiru zentroek (Hizkuntza Eskola, AEK eta Gotzon Garitaonaindiak), 2022-2023 ikasturterako matrikulazio kanpaina abiatuta dute jada. Hiruen eskaintza oso zabala da eta ordutegiari dagokionez ere, aukera zabala dago.
© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus