lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Irakurleen Txokoa eta Antzerki Tailerra bueltan datoz beste behin

2021-09-14

Bermeoko Udal Liburutegiak eta Udalaren Euskera Sailak antolatutako Irakurleen Txokoak literaturan interesa duten pertsonak elkartuko ditu

 

Antzerki Tailerrak berriro irekiko ditu ateak urritik ekainera bitartean eta bertan parte hartu nahi duten pertsonek Berhaz bulegoan eman beharko dute izena

Irakurleen Txokoak eta Antzerki Tailerrak laster emango diote hasiera ikasturteari. Bermeoko Udal Liburutegiak eta Udalaren Euskera Sailak antolatzen duten Irakurleen Txokoa urriaren 21ean hasiko da eta Antzerki Tailerra, aldiz, 2021eko urriaren 6tik 2022ko ekainera bitartean jardungo da. Lehenbizikoan izena emateko azken eguna urriaren 20a izango da eta bigarrenean parte hartu nahi duenak irailaren 30era arte izango du aukera.

 

Arrate Egaña idazleak dinamizatzen duen Irakurleen txokoan, hilean behin, literaturan interesa duten pertsonak biltzen dira. Taldea hilabete bakoitzeko hirugarren ostegunean elkartzen da Udal Liburutegian (18:30etik 20:00etara). 2011n hasitako ekimen honetan parte hartzea doakoa da eta Udal Liburutegian eman beharko da izena. Interesdunek bertara hurbildu, izena eman eta hurrengo hilabeterako liburua jaso besterik ez dute egin behar. Gainera, hileroko dinamikaz gain, urtean zehar idazle batekin solasaldia ere egingo da idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko.

 

Guztira, aurten, 8 liburu irakurriko dira eta euskal ekoizpenez gain, literatura unibertsala ere jorratuko da. Hori bai, denak izango dira euskaraz idatzitakoak edota euskarara ekarritakoak. Ekimen honen helburuak dira irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.

 

Antzerki Tailerra:

Antzerki Tailerrak, berriz, segida emango dio iazko lanari eta Jon Ander Urresti aktoreak gidatuko duen tailerra 19:00etatik 21:00etara egingo da Bermeoko Kultura Etxean. 2021eko urriaren 6an hasi eta 2022ko ekainean bukatuko da kurtsoa. Ekimen honetan izena emateko epea irailaren 30ean bukatuko da.

 

Tailerrean, besteak beste, honakoak landuko dira: gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak. Hori guztia ariketen bidez egingo da eta landutako kontzeptuak eszenan praktikan jarri nahi dira.

 

Antzerki Tailerraren helburua da kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea. Tailerrean, antzerkigintzan interesa duten eta komunikazio gaitasunak landu nahi dituzten.

 

16 urtetik gorako antzerkizaleek parte hartu ahal izango dute ekimen honetan 115 euroko matrikula ordainduta eta izena Berhaz bulegoan edo egoitza elektronikoan eman behar da.

 

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube